Andreon aurkako indarkeria ez da andreon kontu bat

Jose Saramago idazle eta intelektual handi zenak zioenez, gizonen arazo bat da emakumeen kontrako indarkeria, eta haien esku d ago hura amaitzea. Barkamena ere eskatu zuen ia, ezinago nabarmena izaki argudioa: alegia, indarkeria erabiltzen duenak indarkeria erabiltzeari utzitakoan amaitzen dela arazoa. Eta borroka modu bat ere proposatu zuen: gizonak samaldaka irten zitezela kalera manifestazioan, komunikabideen arreta bereganatzera, indarkeria horri zilegitasuna kentzera eta emakumeen eskubideen alde modu aktiboan borrokatzera.

Agerikoa da, nabarmena da, eta, hala ere, kontrako bidean doa gizarte osoa. Gizartearen “gaitz” hori hizpide hartuta, “gertaera” gisa hartzen da, eragile batek indarkeria hori baliatuko ez balu bezala, intentzio zein borondate osoz eta helburu jakin batzuez. Hain zuzen ere, indarkeria hori gizon batzuek bakarrik erabiltzen dutelako, eta ez gizon guztiek, bada garaia gizon baketsuek, ez-biolentoek, bizitzeko eskubidean eta pertsona guztien askatasunean sinesten duten horiek pauso bat emateko aurrerantz, eta emakumeen kontrako indarkeria amaitzea galdegiteko.

Gaitz daukate, diskurtso jakin bat gailentzen ari baita, eta, horren arabera, “gertatzen” zaienaren errudun dira emakumeak, eta beren ekintzekiko erantzukizunik gabeak gizonezkoak. Matxismoaren lanabes berrietako bat izan da, ezinago arrakastatsua, “emakumeen kontu” bihurtzea emakumeen kontrako indarkeria.

Bere burua behar bezala babesten jakin ez duen emakume baten erantzukizun bihurtu da indarkeria, eta, besteak beste: haren prebentzioa, zeina neskak hezten tematuta baitabil —ez dago gaizki indarkeria ezagut dezaten, baina hobe lukete errespetuan eta indarkeria gabezian heztea gizonak—; salaketa, zeina biktimaren erantzukizuna baita, tratu txarren egoera batetik irtetzeko ia modu bakar gisa; gizartearen gaitzespena, zeinak gehiago gaitzesten baitu emakumeek egina edo egin gabe utzia, eraileak egindakoa baino —Nagore Laffageren kasua—.

Indarkeria, beraz, “emakumeen kontu” bihurtzen da, eta erasotzaileak zigorgabe geratzea bultzatzen da. Eta, hala ere, nola gure herrialdeko jende zintzorik gehienak —bertako jende gehienak, aborigen gehienek— bidegabekeriatzat daukaten arrazakeria eta beren burua ez-arrazistatzat agertzen duten beldurrik gabe eta argi eta garbi, hala gizon ez-matxistek ere gaitzetsi egin beharko lukete emakumeen kontrako indarkeria.

Batzuek emanak dituzte hainbat pauso esanguratsu, horren haritik. Baita Bilbon ere. Joan den urtearen amaiera aldera, zorionez, Bizkaiko Emakumeen Asanbladako indarkeria sexistaren kontrako batzordeak antolatutako sinadura bilketan parte hartu nuen, Bilboko plaza batek aurrerantzean Azaroaren 25aren plaza izena har dezan —horixe du izendatua Nazio Batuen Erakundeak Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna—, eta gizonezko askok egin zuten bat eskabide harekin. Gizon askok adierazi zuten zilegitasuna kendu nahi ziotela indarkeria sexistari, gaitzetsi egin nahi zutela indarkeria hori, elkartasuna agertu nahi zietela haren biktimei eta haien senideei, eta haien borrokan parte hartu nahi zutela… Eta beren sinadura emanda adierazi zuten.

Izan ere, arazo publiko bat da emakumeen kontrako indarkeria, eta, hura errotik kentzeko, arlo guztietan ekin beharra dago. Horrexegatik, kanpaina hark gizarte osoan jarri nahi izan zuen azpimarra, eta gizarte osoan bilatu babesa, emakume eta gizon guztioi dagokigun arazo bat baita indarkeria, gure hainbat kode, balio eta arauk betikotu dutenez gero biolento zuzeneko horiek zilegitasun eta zigorgabetasun osoz jokatu ahal izatea. ETAren indarkeria amaitu izana, esate baterako, euskal gizartearen lorpentzat hartu da; sekula ez da uste izan talde horren jomugei bakarrik zegokienik haien indarkeria. Indarkeria sexistaren amaiera ere, beraz, gizarte osoaren lorpen bat izango da.

Horregatik, Azaroaren 25aren plaza egia bihurtzen denean, ez da izango “emakumeentzako” plaza bat, ezta “emakumeen” plaza bat ere, baizik eta gizarte demokratiko eta giza eskubideen aldeztaile osoaren garaipen bat. Guztien plaza bat izango da, emakumeena eta gizonena, bilbotar emakumezkoena eta gizonezkoena. Eta bisitan datorkigun jendearena.

Antza denez, Bilboko Udaleko Berdintasunerako Sailak nahi du Azaroaren 25a Emakumeen plaza deitzea, nahiz eta Azaroaren 25aren plaza izango zela hitzeman zuen. Itxuragabekeria hori gailenduko balitz, espero dut Bilboko kaleak samaldaka betetzea gizonek, indarkeria sexistaren kontra agertzeko eta udalaren erabakia gaitzesteko; hiriko espazio publikotik kanpo utziko bailituzke, izenez, biztanleen erdiak. Eta, kasu horretan, gizonezkoak izango lirateke baztertuak.