“Sistemak ez du funtzionatzen: kalean bizitzea onartzen du”

Etxerik gabe bizitzea aterpea ez edukitzea baino askoz gehiago da. Sustraiak, harreman sarea… dena dute faltan egoera horretan diren bizkaitarrek. BesteBi plataforma errealitate hori gizarteratzeko eta salatzeko sortu zen.

Nortzuk izaten dira aterperik gabeko pertsonak?

Aterperik gabe dagoen pertsona, normalean, bakarrik dagoen gizon edo emakumea da. Zenbait gertaeraren eraginez asko sufritu du, eta, azkenean, kalera joatea beste erremediorik ez zaio gelditu. Denok izaten ditugu momentu lazgarriak, senide bat hiltzen denean, edo familia arazoak ditugunean kasu, baina etxerik gabeko pertsonek denbora gutxian halako trauma asko jasan izan ohi dituzte. Lepoan daramaten sufrimendu zama oso gogorra da, lur jota daude, eta ez dute indarrik laguntza eskatzeko, aurrera jarraitzeko. Gainera, kontuan hartu behar da etxerik gabe bizitzeak aterpea ez izatea baino askoz gehiago esan nahi duela: berotasunik gabe, leku batean errotzeko aukerarik gabe, segurtasunik gabe… bizi da pertsona halako egoeran.

Eta egoera horretan daudenak laguntzeko sortu zen BesteBi.

Bai, plataforma sortzen dugun eragile guztiek arlo horretan egiten dugu lan, eta batez ere sentsibilizazio eta salaketa lanak egiteko batzen gara. 2007an sortu genuen plataforma, San Frantzisko kaleko Posada de los Abrazos egoitzako sutearen harira. Gertaera hura pizgarri antzeko bat izan zen. Lau lagun hil ziren, eta arloan lan egiten dugun elkarteok mobilizazioak antolatu genituen, Posadaren ahotsa gizarteratu nahian. Denok biltzeko mahai baten beharra nabaritu genuen, ordura arte erakunde publikoen inguruan sortutako espazioetan besterik ez baikinen batzen.

Eta lan horretan dihardugu ordutik, etxerik gabeko pertsonen egoera gizarteratuz, halako kasuak Bilbo moderno baten ematea duina ez dela jendeak ikus dezan, beste albo batera begiratu ez dezan. Kalean bizi den pertsona bat hiltzean mobilizatu egiten gara, adibidez, salaketa eta omenaldi xume bat egin nahian.

Askotan gertatzen dira halako heriotzak?

Azken kasua joan den astean gertatu zen: osasun zerbitzuek Errekalde auzoan gizon bat jaso zuten, eta Basurtuko Ospitalean hil zen. Orain dela pare bat urte ere, heriotza asko jazo ziren; Barakaldon, kalean bizi ziren bi gizon hilabeteko epean hil ziren. Izan ere, kalean bizitzeak pertsona fisikoki zein psikologikoki izugarri suntsitzen du.

Gizonezkoak izan ohi dira normalean, ezta?

Zentroetan emakume gutxiagori egin ohi zaie harrera, baina ez dago gaiaren inguruko azterketa jakinik. Prostituzioan dabiltzan neskak, adibidez, ez dira inongo datuetan azaltzen, baina etxerik gabeko pertsonak dira. Hala ere, nik uste dut emakumeak gizonak baino arinago eskatzen duela laguntza bere inguruan, eta, beraz, gutxiago heltzen dira gure larrialdietarako zentroetara.

Bestalde, etxegabekoen batez besteko adina 37 eta 40 urte artean dago. Hala ere, oso zaila da datu zehatzak lortzea. Bizkaian etxerik gabe dauden pertsona gehienak Bilboaldean daude. Hiri ez oso handia izan arren, etxegabekoen poltsa propioa baitauka, Bilbotik mugitzen ez direnak. Guztira, kalean bizi direnak 200 edo 300 direla kalkulatzen dugu. Hala ere, horiek izozmendiaren punta besterik ez dira guretzat. Beste asko daude etxe barik: larrialdiko egoitzetan bizi direnak, etxerik etxe dabiltzanak… Azken finean, errotzeko eta harremanak egiteko lekurik ez dutenak.

Egoerak ba al du konponbiderik?

Zaila da, pertsona bakoitzaren arazoa eta bizi-baldintzak ezberdinak baitira, eta, beraz, konponbidea ez da berdina. Politika eraginkorragoak behar dira, baita prebentziorako ere. Gizarteak bizkarra ematen die etxerik gabe diren pertsonei, eta denok galtzen dugu horrela, baina pertsona hori izango da kaltetuena: ez du Osakidetzaren edo abokatu baten arreta lortuko, adibidez. Erakunde publikoen politikak oinarrizko behar horiek asetzeko beste bide batzuk sustatzera bideratuta egon beharko lirateke. Gainera, arlo guztietan gero eta murrizketa gehiago egiten ari dira, eta pobreenek pairatuko dituzte gehienbat.

Beraz, gizarte zerbitzuak ez dira nahikoa.

Ez, nahiz eta zerbitzu asko dauden, ez dira guztiz eraginkorrak; egokitu egin behar dira. Adibidez, udalaren egoitzak neguan bakarrik daude irekita, eta, gure ustez, urte osoan eduki beharko lirateke irekita. Etxegabe batzuk berandu heltzen dira egoitzetara, edo zailtasunak dituzte bertan gelditzeko. Adibidez, kalean urduri eta babesik gabe sentitzen den pertsona batek gela literadun handi batean ere ez du atseden hartuko agian. Egoitza xumeagoak moldatu beharko lirateke, baina pertsonaren duintasunerako eta intimitaterako baliagarriagoak. Orain, Europa osoko kanpaina batean parte hartzen ari gara, 2015erako kalean lo egiten inor ez dadila egon aldarrikatzen duena. Etxerik gabe dagoen inor ez egotea, berriz, askoz zailagoa da.

Krisiak ere izango du eraginik.

Noski, azkenaldian soslai bereko gero eta kasu gehiago ikusten dira. Bertan jaiotako gizonak dira, 40 eta 50 urte bitartekoak gehienak, orain arte egoera ez oso onean zirenak, baina langabezian gelditu, eta etxerik gabe daudenak egun. Lehen ere baziren halako kasuak, baina krisiaren eraginez ugaritu egin dira, azaleratu.

Zein uste duzu dela arazoaren erroa?

Bizi garen sistemak ez du ondo funtzionatzen, jendea etxerik gabe edo kalean bizitzea onartzen du. Gainera, herrialdea ekonomikoki ondo egon zen momentuetan pobrezia ez zen jaitsi. Ekonomikoki oparoak izan ziren urte horietan gizarteak ez zuen babes maila finkatzeko eta eraginkorragoa bihurtzeko ahaleginik egin. Dirua zegoenean gizarte zerbitzuei ez zitzaien garrantzirik ematen, eta, beraz, lehenengo murrizketak jasan dituzten sailak izan dira. Krisiarekin, pikutara bidaltzen ari dira etxegabekoei ematen zaien babesa; eskubideak galtzen ari gara, eta, aldi berean, gero eta jende gehiago dago larri.

Zer egin beharko lukete herritarrek?

Desindustrializazio garaian ere langabezia izugarri igo zen, baina elkarren artean elkartasun handia zegoen. Orain, krisi garaian gaude berriro, baina gizartea indibidualista da, eta ez dago laguntza emateko joerarik.

Gure harreman sareak mantentzea eta indartzea ezinbestekoa da. Ondo gaudenean, agian, ez ditugu beharko, baina lana gal dezakegu, edo etxea ezin ordaindu… Hortik etxerik gabeko egoerara igarotzea ez da zaila. Non dago alde batera edo bestera bultzatuko gaituen gakoa? Laguntza sareetan. Etxerik gabeko pertsona guztiek sare horiek apurtuak izaten dituzte, eta berriro martxan jartzea oso zaila izan ohi da.