Plastikozko hondakinak bilduko dizkiete Enkarterriko abeltzainei

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak abeltzaintzako eta nekazaritzako hondakinen gaikako bilketa sistema jarriko du martxan Enkarterrin. Modu horretan, ustiapenek sortutako plastikozko hondakinen arazoa konpondu gura dute. Batez ere, neguan ganaduari jaten emateko belar bolak egiteko erabiltzen den plastikoa da arazorik gehien sortzen duena. Animaliei jaten ematen hasten direnean, hondakin asko sortzen dute baserritarrek.

Ekimena martxan jartzea erabaki aurretik, Nekazaritza Saileko teknikariak inguruko abeltzainekin bildu dira, egoera zein den jakiteko. Ekoizleekin ez ezik, Enkarterrialde taldearekin eta GUVAC kooperatibarekin ere elkartu dira.

Datorren urteko lehenengo hiruhilekoan jarri nahi du Irene Pardoren sailak proiektua martxan. Horretarako, eskualdean bertan enpresa txiki bat sortzea ere aztertzen ari dira, bilketaz arduratu dadin. Hala, bidenabar, tokian bertan enplegua sortzeko aprobetxatu nahi du foru administrazioak.

Aurretik Lea Artibain eta Durangaldean ere badute antzeko zerbitzu bat. Bi kasuotan egitasmoa arrakastatsua izan dela iritzi diote abeltzainek.