Ospakizunez betetako urtea

Abesbatza batek ez ditu betetzen egunero 25 urte. Eta urtemuga berezi hori ospatzea jende askok atsegin duen kontua da. Bada, datorren martxoaren 26an zilarrezko ezteiak beteko dituen taldeak Garaizarko Matsorriak izena du, eta ospakizunez betetako egutegia du aurtengoa. Urte biribila bukatzeko, Italiara joango dira 2012ko ekainean. Izan ere, Florentzian eta Sienan kontzertuak ematera gonbidatu dute hango abesbatzek.

Abesbatza sortzeko ideia Jose Luis Etxebarria Txelu-ri bururatu zitzaiola dio Iñaki Baroja presidenteak. “Txelu euskal musikari eta hemengo dantzei lotuta egon den pertsona bat da. Txistua jotzen hasi zen eta Begoñako bizilagunek abesbatza baten beharra ikusi zuten”, kontatu du Barojak. Auzotarren eskaera aintzat hartu, eta Santa Ageda egun batez hasi ziren abesten.

Garaizarko Matsorriak jatorri herrikoia duen abesbatza bat da bertako zuzendariarentzat: “Gu kalean jaio ginenez, bertan abesten genuen”. Horregatik, hasierako urteetan antzoki eta kulturguneetan abestu ez izana ez da harritzekoa. Gerora, pasa ziren Bizkaiko Abesbatzen Elkartearen parte izatera, eta horrekin etorri zen beste toki batzuetan ere kontzertuak emateko beharra.

Orain, abesbatza 34 gizonek osatzen dute. Hala ere, ekitaldi gehienetan 32 kide biltzen dira. 2008ko urtarriletik partaide guztiak zuzentzeko ardura, berriz, emakume batek dauka: Miren Zubietak, alegia. Astean ordu biko bi saio izaten dituzte. “Astero bi proba ditugu. Parte hartzea %98koa da. Agian, arrakastaren arrazoia abesten hasi aurretik egiten dugun askaria izan daiteke”, azaldu du Barojak barrez- ka.

Zilarrezko ezteiak hainbat kontzertu emanez ospatuko ditu Garaizarko Matsorriak taldeak. 2011. urteari agur esateko kontzertua Gabonei lotuta dago. Izan ere, Iralaberriko San Antonio abesbatzarekin batera abestuko baitute Begoñako Basilikan abenduaren 30ean. 2012. urteari ongietorria Bizkaiko Abesbatzen astearekin emango dio Begoñako abesbatzak. Ekitaldia otsailean izango da, toki berean. “Guri ilusioa egiten digun kontu bat da Begoñan kontzertua ematea. Gainera, bertakoak garenez, ziur berezia izango dela”, esan du Barojak.

Maiatzekoa bereziena

Zuzendariarentzat ikasturte honetan emango duten kontzerturik bereziena maiatzekoa izango da. Urtero San Isidro bueltan abesten dute, baina aurten, abesbatzak 25 urte beteko dituenez, ezohiko ekitaldia izango da. Ospakizuna Iralaberrin eskainiko dute, maiatzaren 18an. Baina Garaizarko Matsorriak egun garrantzitsu horretan ez da bakarrik egongo. Izan ere, Santutxuko (Bilbo) Gaztedi dantza taldeak dantza egingo du abesbatzak abesten duen bitartean. Habanerak, euskal musika eta bilbainadak entzuteko aukera izango du bertaratzen denak.