Hiriburuko musika gotorlekuaren urteurrena

Musikaren ezagutza eta zabalkuntza sustatzeko asmoz sortu zen Bilboko Koral Elkartea, ahots kantuei zegokiena plazaratzeko batez ere, 1886ko abuztuaren 3an. 125 urte hauetan, abesbatzaren musika entzuteko aukera izan dute makina bat lekutan, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Portugalen eta beste hainbat tokitan eman baititu kontzertuak. Hala ere, Ramon Muro abesbatzako kidearentzat, bidaia “gogoangarriena” Japoniara egindakoa da. “Asiako herrialde horretara egindako bidaiaren inguruko oroitzapen asko ditut. Inongo zalantzarik gabe txango guztien artean bereziena da”, esan du Murok.

Aurreneko urteetan gizonez bakarrik osatua zegoen abesbatza; 80 gizaseme soilik ibiltzen ziren kantuan. Baina 1905. urtea, zenbait arrazoi tarteko, gogoan hartzeko urtea da, orduan hasi baitziren andrazkoak abesten eta garai horretan egin baitzen euskal operaren aldeko apustua. Horrez gain, XX mendeko lehen hamarkadaren erditik gaur arteko urte “guztietan” mistoa izan da abesbatza. Murorentzat, nabarmentzekoa da “guztiak” hitza. Izan ere, Bilboko Koral Elkarteak 1936ko gerrari eta ondoren etorritako urte latzei abestuz egin baitzien aurre. “125 urteko historia bat-batean laburbiltzea zaila da. Dena dela, gerra indarrean zela abesbatzak etenik ez izatea aipagarria iruditzen zait”, dio elkarteko kideak.

Gaur egun hainbat belaunalditako hiru talde ditu Bilboko abesbatza honek. Parte hartzaile gehien duena mistoa da. Guztira, 100 gizon-emakume helduk osatzen dute. Adinari dagokionez ondorengoa eta jendeari dagokionez urriena, berriz, gazteen abesbatza da. Bertan 30 kide inguru biltzen dira. Elkarteko haurrena da hirugarren abesbatza; horretan 60 bat neska-mutilek parte hartzen dute gaur egun.

Aldaketak musika aldetik

Sortu zen garaiko abesbatza gaur egungoarekin erkatzen bada zenbait aldaketa nabari daitezkeela esan du Murok. Ezberdintasunetako bat musikari dagokio, hau da, urteen eraginez kantu estilo ugari landu dituzte. “Abesbatzaren aurreneko urteetan lehiaketak modan zeudenez, txapelketa horietan parte hartzea zuten helburu, lehia mundu horren parte izanik”, dio elkarteko kideak 125 urteko abesbatzak duen historia luzeari begirada bat ematean.

Mende berriarekin batera, XX.arekin hain zuzen ere, euskal musikagintzaren aldeko apustua etorri zen: euskal opera eta zarzuela abesten zituzten, batez ere. 1939an gerra bukatu zenetik gaur egunera arte indarrean abesbatzetako musika sinfonikoak dirau. Estiloei dagokienez, barrokoa eta erromantikoa beste obra folkloriko batzuekin uztartzen dituzte.

Bilboko Koral Elkarteak musika sustatzeko izan duen eginbideen ondorioetako bat 1973. urtean sortu zuen kontserbatorioa da. Orain, 11 musika tresna jotzen dituzten 500 ikasletik gora dituzte. Instrumentu horiek pianoa, biolina, biola, biolontxeloa, tronpeta, tronpa, txirula, klarinetea, oboea, saxofoia eta gitarra dira. Horrez gain, dakitena irakasten duten 30 irakasle inguru ditu musika eskolak.

Urte guztietako lanaren fruitua sariekin jaso du Bilboko abesbatzak. 2001. urtean, Sabino Arana fundazioak gizarte arloko saria eman zion. 2005ean, berriz, Real Academia de las Bellas Artes de San Fernandoren domina eman ziote. Handik bi urtera, azken aipamen gisa, Bilboko urrezko domina jaso zuen.

Ospakizun urte honetan ekitaldi asko izan ditu Bilboko abesbatzak. Murorentzat, aipagarriena urriaren 21ean emandako kontzertua da. “Egun horretan BBC orkestra sinfonikoarekin batera abestu genuen; oso berezia izan zen”, azaldu du. Hala ere, datozen hilabeteetan ere, ekitaldi ugariren bitartez gogoratuko dute abuztuan izandako urtemuga.

Gabon garai honetan abesbatzek emanaldi asko izaten dituztenez, astero hirutan elkartzen dira probasaioetan. Aurreneko kontzertua umeen abesbatzak eman zuen, Euskalduna jauregian, igandean. Astelehenean eta gazteen taldearekin batera, Campos Eliseos antzokian, Gabon kantak ziren entzungai. Azkenik, urtea bukatzeko, nagusien taldeak Haendelen Mesias ezaguna abestuko du.