Europa Cinemas sarean sartuko dira Bizkaiko lau herritako kultur aretoak

Europa Cinemas sarearekin bat egin dute Bizkaiko lau udalek kudeatutako aretoek, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta ekoizle euskaldunen Ibaia eta Epe elkarteek osatzen duten Zineuskadiren laguntzarekin.

Leioa, Barakaldo, Elorrio eta Zornotzako udalek kudeatzen dituzten kultur aretoetako ordezkariek sinaturiko akordioa 2012ko urtarrilaren 1ean jarriko da martxan ofizialki, eta, ondorioz, Europako filmen eskaintza handituko da udalerri horietako areto publikoetan. Elorrioko Arriola kultur aretoa, Zornotza aretoa, Kultur Leioa eta Barakaldo antzokia izango dira, beraz, proiektuan sartuko diren kultur etxeak.

Gipuzkoako beste lau udalerritan kudeaketa publikoa duten aretoak ere —Tolosa, Arrasate, Ordizia eta Andoaingoak— sartu dira Europako aretoen sarean, eta bakoitzari 18.000 euroko diru laguntza emango die Europa Cinemas-ek.

Joan den irailean aurkeztutako Zineuskadi elkartearen helburuak lortzeko lehenengo urratsa da zortzi udalak Europa Cinemasen sartu izana. Izan ere, Zineuskadik epe laburrera zehaztutako xede nagusiak dira “udal eta hurbiltasun zinema aretoen sare bat sortzea eta Europako Media programaren kudeaketa bultzatzea euskal zinemaren sormena laguntzeko”.

Aipatutako herrietako aretoez gain, Euskal Herriko beste zinema batzuk Europa Cinemas-en integratuta zeuden lehendik: Bilboko Multisak; Donostiako Principe eta Trueba; Gasteizeko Trueba-Guridi; Iruñeko Golem; Miarritzeko Royal; eta Baionako Autre eta Atalante aretoak, hain zuzen ere.

Europako zinema sustatu

Europa Cinemas proiektua 1992. urtean jarri zen martxan, epe luzeko egitasmoa finkatzeko helburuarekin. Hogei urte hauetan, gehienbat Europan ekoitzitako filmak ematen dituzten nazioarteko aretoen sare bat sortzea lortu du proiektuak. 504 hiritan dago presente Europa Cinemas, 867 areto eta 2.112 pantailarekin. Zineuskadiko presidente Veronica Sanchezek hau esan du programaren oinarrien inguruan: “Kalitatezko eskaintzak eskaera sortzen du; beraz, film europarrek badute publikoa. Europako zinema sektorearen eragile guztiek gogor lan egin behar dute ikusleek, film arrakastatsuak ez ezik, programazio askotarikoa ere aurki dezaten aretoetan”.

Ikus-entzunezko industriaren laguntzan lan egiten duen Media programaren babesarekin, Europa Cinemas 32 herrialdetan ari da gaur egun hurrengo helburuak betetzeko asmoz: Europako filmen programazioa eta ikusleen kopurua handitzea —batez ere Europatik kanpo—, gazteei zuzendutako zinema-erakusle europarren ekimenak bultzatzea, film europarren aniztasunaren alde lan egitea, nazio eta Europa mailan zinema aretoen sare bat garatzea elkar aritzeko, eta Europako zinema aretoetan emanaldi digitalak gero eta gehiago izatea sustatzea. Beraz, kontinente zaharreko film sorkuntzak gurean urrats txiki bat egingo du aurrerantz.