Azokan

MusikHerriaren standean txanda egiten, CDak saltzen eta egun osoa musikazalez inguratuta eman ondoren, gure trasteak hartu eta Ahotsenea gunera hurbildu ginen gure emanaldia baino ordu erdi lehenago. Betiko moduan arropaz aldatu, eta agertokia gorri-beltzez margotzeko gure txanda heldu zen. 18:30ean puntu-puntuan agertokira igo, eta jarraian, Karosi gure bigarren lanaren aurkezpenari hasiera eman genion. Ordu egokia Ahotsenean jende kopuru majo batez gozatzeko.

Bira honetako kontzertu guztietan bezala, Bidertzetan abestiarekin hasi genuen kontzertua, lehenengo abestia, lehengo sentsazioak, publikoarekin lehenengo kontaktua, urduritasuna oraindik gure azaletan…

Oraingo honetan lehenengo ilaran gure Karosi partikularra (Yuko, gure diskoko irudien modelo paregabea) topatu genuen pare bat laguntxoekin, gure belaunetara justu-justu heltzen ziren hiru neskatxo, dantzan, saltoka, naturalak, umeak… Momentu horretan, abesten nengoen bitartean pentsatu nuen kontzertu bat gozatzeko gakoan: ume bihurtu behar dugu, ume irekiak, naturalak, konplexu bakoak eta oso zintzoak. Eta norbaitek esango du zelan pentsatu eta abestu ahal den aldi berean… Neuk ere ez dakit, baina batzuetan pasatzen da, agertokitik alde egiten duzu, segundo batzuez bada ere.

Ahotsenean oso jende bitxia dago: batzuk lagunak, beste batzuk zure zuzenekoa entzutera joan direnak eta beste asko hortik kasualitatez pasatzen zirenak; batzuk geratzen dira , beste batzuk ez… Jende ugaria, adin guztietakoa, interesgarria….

Lehentasunak izaten da beti gure bigarren kantua. Diskoaren aitzakia eta oinarria den kantua gerriak dantzan jarri zituen. Musikaz gozatu, Zuri begira… Gure bigarren lanaren abesti gehienak jo genituen. Sentsazioak pil-pilean zeuden oholtza gainean. Kontzertuak aurrera egin ahala, gozamenak urduritasunari irabazi zion, eta karpa horretan giro berezia sortzen hasita geundelako sentsazioa genuen, sentsazio goxoa. Italiako Liet International jaialdira eraman genuen kantua zetorren ondoren: Hi Vascofona! kantuak buruak astinarazi zituen jende artean. Mingainak eta gonak mugitu eta euskararen megafono bihurtzeko deiari, koroak entzuten genizkion jende artetik. Ikaragarria!

Eta istorio denek amaiera duten bezala, kontzertu honek ere amaiera bat behar zuen. Amaieraz amaiera, sakabanaketa, preso gaixoen egoera larria eta herri honen sufrimenduari amaiera emateko gogoa etortzen zaigu beti, eta, nola ez, beraiei, bihotzetatik zintzilik daramatzagulako, eskaini genien azken kantua, laster gure artean berriz izango direlako… Eta kolosala izango da.